XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6. TAULAK ETA ERAKUSLEAK

Taulak dira datu egituratu arruntenak eta erabilienak.

C-n, taulen izenak dagozkien erakusleen edo memoriako helbideen bidez maneiatzen dira.

Taulak maneiatzea ez da erakusleen funtzio bakarra, erreferentziaren bidezko parametroak ere erakusleak dira.

6.1. TAULAK

Taula da edozein lengoaiatan gehien erabiltzen den datu-egitura.

Bektore, matrize, array, katea eta string hitzak erabili ohi dira taularen sinonimo gisa, batzuetan taula-motaren azpimotak baino ez badira ere.

Elkarrekin gorde eta izen berarekin ezagutzen den mota bereko aldagai-multzo batek osatzen du taula.

Multzoaren osagai bat atzitzeko, indize bat behar da.

Taulak dimentsio bakarra edo anitza eduki dezake, lehen kasuan bektore ere deitzen zaiolarik.

Bi dimentsiokoei edo gehiagokoei matrize deitzen zaie, eta osagaiak bektorearen barruan identifikatzeko indize bat erabiltzen den bitartean, matrizetan bi edo indize gehiago erabiliko dira.

Taularen osagaiak karaktereak direnean, taulari karaktere-katea, katea edo string deitzen zaio, mota honek ezaugarri desberdinak dituelarik.

C-k ez du egiaztatzen taulen indizeak dimentsioa gainditzen duenentz.

Ondorioz, taularen mugetatik kanpo irtetea eta bestelako aldagairen batean edo programa-kodearen barne idaztea gerta daiteke.

Programatzailearen zeregina da mugen egiaztapenak egitea, ustekabeko errore detektagaitzak ez gertatzea nahi baldin bada behintzat.